agoa, bero deño, galda
Antzerkia
GABIA kolpearen eta erantzunaren arteko harremanetik sortzen den proposamena da: ekintza eta erreakzioa, tentsioa eta askapena etengabe gurutzatzen diren espazioa, antzerkiaren eta antzezlanaren baitan.
Izena errementarien mundutik datorren tresna bati lotuta dago: gabiari, alegia. Mailu handi baten irudia, burdinari forma emateko erabiltzen dena, kolpeen bidez materiala eraldatuz. Bi elementuren arteko talka du abiapuntutzat, indarraren transmisioa eta haren ondorioak agerian jarriz.
Irudi horretatik abiatuta, GABIAk tramoyaren logikarekin egiten du bat, antzerkiaren eszenaren atzean dagoen mekanismo isil baina funtsezko horrekin. Ikusten ez denak sostengatzen du ikusten dena; mugimendu bakoitzak beste bat eragiten du, antzezlanaren egitura bera eraikiz.Ildo berean kokatzen da “agoa, bero deño, galda” esaera zaharra: burdinari forma emateko, bero dagoenean jo behar zaio, une horretan baita moldagarri eta eraginkor. Irudi horrek, zentzu zabalagoan, ekintzaren denboraren garrantzia azpimarratzen du; gauzak bere unean egitea, tentsioa eta energia galdu aurretik, prozesuak benetan eragin dezan.
Ingudea zikloaren jatorrizko ideiarekin lotuz, GABIAk antzerkiaren barrunbeetara begiratzen du, prozesuari berari arreta jarriz: nola eraikitzen den ekintza, nola aktibatzen diren piezak, eta nola sortzen den elkarren arteko talkatik esperientzia eszenikoa.
Ideia horrekin jarraituz, Libe Kortazar izan da oraingo honetan ere kartel zoragarri hauek egiteaz arduratu dena.
