Picassoren obratik abiatuta, gerren zentzugabekeriaz egindako gogoeta kolektiboa ikusgai Izaskun Arrue kulturgunean.
Xanti Arrieta artista bergararraren obrarik sakonena eta intimoena ikusgai da Izaskun Arrue kulturgunearen begira-lekuan (eraikinaren goiko solairuan). “Gernikak. Begiradak” du izena eta bertan Picassoren obratik abiatuta gerren zentzugabekeriez egindako hausnarketa kolektiboa aurkezten da. Kolektiboa, polifonikoa eta poliedrikoa den proposamen artistikoa ageri da erakusketa honetan.
Izan ere, artistaren obrekin batera, erakusketan zehar, euskal kulturan erreferentziazkoak diren hamar kulturgileren gogoetak txertatu dira. Hau da kolaboratzaileen zerrenda: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak, Eñaut Elorrieta kantugilea, Patxi Ibarzabal hezitzailea, Maite Aristegi nekazaria eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak. Azken hori arduratu da testuen eta kolaboratzaileen koordinazioaz.
Xanti Arrieta teknika eta material desberdinak —eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmalte, zura…— erabiltzen dituen artista bergararra da. Ibilbide luzea du atzean. Eta begirada sakona islatu nahi izan du erakusketa honetan. Saiakera horretan Txema Ramirez de la Piscina EHUko komunikazio irakasle ohi, idazle eta ikerlaria izan du konplize eta bidelagun.
Bion asmoa garbi asko ageri da erakusketaren zioa laburbiltzen duen sarrerako testuan: “Aurrean duzuna ez da atseden gunea. Ezta begiratoki ederra ere. Burdinazko aulki txatar batean zaude jesarrita. Deseroso, ipurdia jarlekuaren pleguetara egokitu ezinik. Parean duzun errealitatea ez duzu gustuko. Entzuten duzun garrasiaren gordinak bihotza urratzen dizu, baina ez dakizu zer egin, zer esan, nola jardun. Orrialdea pasa? Telebista itzali? Munduari bizkarra eman?”.
“Gernikak. Begiradak” erakusketa ezinegonetik sortu den begirada kolektiboa da. Gernikan 1937an izandako bonbardaketatik gaur arte zein gutxi ikasi dugun ikusarazten digun oihu erdiragarria. Izan ere, guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten dizkiguten toki-izenak dira: Malaga-Almeria errepidea, Tokio, Hiroshima, Dresde, Varsovia, Gaza… Guretzat, akaso, ezezagunagoak. Urrutikoegiak, agian? Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza berri jasateko prest gaude, gu —XXI. mendeko lehen laurdenera iritsi garen munduko hiritar modernook— gure besaulkitik zirkinik ere egin gabe?
“Gernikak. Begiradak” erakusketak Picassoren obra unibertsala zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta egun euskal kulturan erreferentzialak diren zenbait pertsonaren begiradak jasoz.
Xanti Arrietak teknika eta material desberdinak —eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmalte, zura…— erabiltzen dituen artista bergararra da. Txema Ramirez de la Piscina ibilbide luzea duen kazetari, idazle eta ikerlaria da; aspaldi gasteiztartu zen komunikazio irakasle ibartarra.
Txema Ramirez de la Piscina
