Mahai ingurua
*JARDUERA HONETAN KULTURA BONUA 2026 EZIN DA ERABILI.
__
Euskaraz eta eszenaz, etxeko zapatiletan | Arte eszenikoetan euskaraz jarduten duten hainbat antzerkilari gonbidatu ditugu etxeko zapatilak jantzi eta elkarrekin gogoeta egitera. Lurraldetasuna, lehen eta bigarren mailako euskal hiztunak, kultur politikak edota komunitatea bezalako gai potoloen inguruan, bai, noski. Baina, patxadaz eta plazerez. Egun luze baten ondoren, etxera iritsi eta zapatila zaharrak janztean sentitzen dugun lasaitasunarekin.
Beraz: mahai inguru formal bat baino, afalosteko tertuliatik telebisibotik gertuago dagoen topaketa izango da hau, late night-en antzera. Publikoak ere izango du parte hartzeko aukera. Galderak, jolastxoak, anekdotarioa eta hausnarketa serioenak, denak batera. Jantzi zapatilak eta zatoz!
ZURRUNBILO JAIALDIA | Zurrunbilo euskarazko arte eszeniko garaikideen jaialdia da, Parasite Kolektiboak sustatua eta Baratza Aretoarekin elkarlanean antolatua. Jaialdiak euskal sorkuntza eszenikoa Gasteizko publikoari hurbiltzea du helburu, programazio eszenikoa bitartekaritza, prestakuntza eta topaketekin osatuz eta Euskal Herriko sorkuntza garaikidearen sareak indartuz.
Urtero udaberrian egiten da, eta 2025etik geroztik, Izaskun Arrue Kulturgunearekin elkarlanean aritu da, euskarazko sorkuntza eszenikoa bultzatzeko eta Gasteizko bi espazioen arteko publikoak elkartzeko.
Oharrak:
Doako ekitaldia