Skip to main content

Gasteizko IAK – Izaskun Arrue Kulturguneak, Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatua, GABIA antzerki
ziklo berria aurkeztu du, sorkuntza eszenikoaren barrunbeetara begiratzeko.

GABIA kolpearen eta erantzunaren arteko harremanetik sortzen den proposamena da: ekintza eta
erreakzioa, tentsioa eta askapena etengabe gurutzatzen diren espazioa, antzerkiaren eta antzezlanaren baitan.

Izena errementarien mundutik datorren tresna bati lotuta dago: gabiari, alegia. Mailu handi baten irudia, burdinari forma emateko erabiltzen dena, kolpeen bidez materiala eraldatuz. Bi elementuren arteko talka du abiapuntutzat, indarraren transmisioa eta haren ondorioak agerian jarriz.

Irudi horretatik abiatuta, GABIAk tramoiaren logikarekin egiten du bat, antzerkiaren eszenaren atzean dagoen mekanismo isil baina funtsezko horrekin. Ikusten ez denak sostengatzen du ikusten dena; mugimendu bakoitzak beste bat eragiten du, antzezlanaren egitura bera eraikiz. Ildo berean kokatzen da “agoa, bero deño, galda” esaera zaharra: burdinari forma emateko, bero dagoenean jo behar zaio, une horretan baita moldagarri eta eraginkor. Irudi horrek, zentzu zabalagoan, ekintzaren denboraren garrantzia azpimarratzen du; gauzak bere unean egitea, tentsioa eta energia galdu aurretik, prozesuak benetan eragin dezan.

INGUDEA zikloaren jatorrizko ideiarekin lotuz, irudi grafikoa, oraingo honetan ere, Libe Kortazar ilustratzaileak sortu du, proposamenaren izaera kontzeptuala irudikatzeko. Eta zikloko curator gisa, Josune Velez de Mendizabal dugu.

Lehen proposamena: Aitor Vinagreten “Pelikuleroa”

GABIA zikloa igande honetan, apirilak 19, hasiko da, 19:30ean, Aitor Vinagreten “Pelikuleroa” antzezlanarekin. Eszenatoki hutsa eta mugimenduan dagoen gorputz bat abiapuntu hartuta, ahotsen eta irudimenaren bidez dena eraldatzen duen proposamena da. “Pelikuleroa” ikuslea jolasteari inoiz utzi ez dion pertsona baten buruan murgiltzera gonbidatzen duen ikuskizuna da: egunero Spielberg-en film batean balego bezala bizi den pertsona baten unibertsoa. Bertan, irudimenezko leherketak, gertaera epikoak edo zinema-maitasun istorioak posible dira, errealitatea motz geratzen den eta sormenak dena betetzen duen mundu batean.

Bigarren proposamena: Gontzal Uriberen “Prospektus Vitae”

Zikloak maiatzaren 17an izango du jarraipena, Gontzal Uriberen “Prospektus Vitae” lanarekin. Proposamen honek errealitatea zatitan aurkezten du, puzzle moduan: oraindik bizirik dagoen zerbaiten autopsia publikoa balitz bezala. Beldurrak, ametsak eta bizipenak nahastuz, identitatearen eta testuinguru sozialaren inguruko gogoeta proposatzen du, tonu ironiko eta probokatzailearekin.

Logotipo de IAK Izaskun Arrue Kulturgunea
Pribatutasuna

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.