Skip to main content

Gaur, ekainaren 9an, asteartean, abiatuko da aurtengo Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdian hautatutako bi proiektuen crowdfunding kanpaina, Itsulapikoa plataformaren bidez. Herritarren ekarpenei esker, Elkaar Ensemble-ren Herri Hotsak diskoa eta GAUEKO: ipuin-lapurreta lurralde mitologikoan mahai-joko literarioa errealitate bihurtzeko bidea zabalduko da.

Ekainaren 9tik aurrera, Itsulapikoa plataforman eskuragarri egongo dira bi kanpainak. Bertan, interesa duten herritarrek proiektu bakoitzaren xehetasunak ezagutzeaz gain, aurrera egiteko behar duten gutxieneko finantzaketa-helburua eta garapen eta ekoizpen osoa ahalbidetuko duen aurrekontu optimoa ikusi ahal izango dituzte. Aldi berean, ekarpena egiten dutenek hainbat ordainsari jasotzeko aukera izango dute.

Proiektuetako bat, Elkaar Ensemble euskal haize-boskotearen Herri Hotsak CDa da. Taldeak bere lehen diskoa grabatu nahi du, Euskal Herriko musika klasikoa eta herri-musika uztartuz. Proiektuak, besteak beste, euskal konpositoreen lanak eta lurralde desberdinetako kanta tradizionalen moldaketak bilduko ditu.

Bigarren proposamena, GAUEKO: ipuin-lapurreta lurralde mitologikoan, euskaratik eta euskaraz sortutako mahai-joko literarioa da. Rol-jokoa, sormena, ipuingintza eta euskal mitologia uztartzen dituen tresna berritzailea da. Bereziki 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat pentsatua bada ere, belaunaldi guztiek elkarrekin gozatzeko diseinatua izan nahi du.

IAK – Izaskun Arrue Kulturguneak, Gauekoak programaren elkarlanarekin bultzatutako Batera deialdiaren bidez, tokiko kultur sorkuntza sustatzeko eta proiektu berriei ikusgarritasuna emateko apustua egiten du beste behin. Ekimen honen baitan, crowdfunding-a finantzaketa tresna hutsetik harago doa, herritarrak kultur proiektuen garapenean zuzenean parte hartzera gonbidatzen dituen tresna bihurtuz. Horrela, komunitatearen babesari esker, aurtengo bi proposamenek aurrera egiteko aukera izango dute eta euskal kulturaren aberastasuna eta aniztasuna indartzen lagunduko dute.

Ekainaren 9tik aurrera, interesa duten guztiek aukera izango dute bi ekimenak ezagutu eta euren ekarpena egiteko Itsulapikoa plataformaren bidez.

Logotipo de IAK Izaskun Arrue Kulturgunea
Pribatutasuna

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.