Udazkenarekin batera, Lazarraga Kultur Elkarteak beste behin ere egitarau zabala prestatu du IAK-Izaskun Arrue Kulturgunean. Elkarteak kudeatzen duen Gasteizko kulturguneak hirugarren udazkenari ekingo dio, euskal kultura eta kultur jarduerak ardatz dituen eskaintzarekin.
Udazken honetan ere askotariko proposamenak izango dira: kontzertuak eta arte biziak, zinema, familia jarduerak, ikastaroak, deialdiak eta lehiaketak, liburu aurkezpenak… Helburua da IAK Gasteizko kulturaren eta, bereziki, euskarazko kulturaren topagune izaten jarraitzea, publiko eta interes
guztientzako eskaintza zabalarekin.
Kontzertuak eta arte biziak
Musikak eta zuzenekoek presentzia handia izango dute udazkenean. Ingudea zikloaren barruan, Gartxot (irailak 18), Lumi (urriak 16) eta XAK (azaroak 6) izango dira IAKn. Gabia antzerki zikloak, berriz, Margarita Molotov (Pez Linbo) eta Harrapakalan (Ane Arrugaeta) ekarriko ditu urriaren 25ean.
Udazken honetan IAKantuan programa berria ere jarriko da martxan, kantua eta abesbatzen zuzeneko emanaldiak ardatz hartuta. Amalur (urriak 18) eta Nomaziak (azaroak 22) abesbatzen kontzertuek eta Kantalab abesbatza ikastaroak osatuko dute programa.
Horiez gain, Katakunba umorezko bakarrizketak (irailak 11 eta abenduak 11), Gailu (irailak 25), Estoldetan (irailak 23, Hala Bedi Sessions IAK-n ekimenaren barruan), Amorante (urriak 9), Aitona Zittalak (urriak 30) eta Galbahe (azaroak 15) izango dira, besteak beste. Oraindik beste kontzertu batzuk ere iragarriko dira aurrerago.
Gainera, IAK-k elkarlanean jarraituko du Aitzina Folk jaialdiarekin, eta lehen aldiz arituko da Sukhartea eta Fiar Festival ekimenekin.
Deialdiak, ikastaroak eta lehiaketak
Irailaren 7an Bagare deialdiaren edizio berria argitaratuko da. Ikerketa-beka honen helburua da Araban estrategia kultural euskaltzaleak sustatzea, euskal kulturaren inguruko ikerketa eta hausnarketa bultzatuz.
Bestalde, urrian IAKren II. Bideoklip Lehiaketan izena emateko epea zabalik egongo da; sari banaketa abenduan izanik.
Prestakuntzari dagokionez, Kantalab abesbatza ikastaroa urriaren 6tik abenduaren 15era egingo da, eta EJE ikastaroa urriaren 13tik azaroaren 24ra.
Familia jarduerak
Familientzako eskaintzan, Xirribit (irailak 12), Gezur gehiegi, Txoborro magoaren ikuskizuna (irailak 20), Teloia ireki aurretik, Ortzadar tailerra eta Basoko aztarnak tailerra (urriak 24) izango dira. Gabonetan Jaiko egitaraua aurrerago aurkeztuko da.
Zinema
Zinemari dagokionez, Euskal Zinema Zikloak Oteiza, 14 apostulu (urriak 6) eta Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako (abenduak 15) filmak eskainiko ditu. Gainera, GazteFilm Fest eta Afrikaldia jaialdiekin elkarlanean arituko da IAK azaroan, eta Txiki Zinema eta Euskara Pantaila Handian (EPH) zikloek jarraipena izango dute.
Aurkezpenak
Udazkenean Arabako idazleen bi liburu aurkezpen ere egingo dira: Ruben Sanchezen Mundu guztiak (azaroak 18) eta Aitor Aranaren Arabako euskara liburua (abenduak 16).
Programazio honekin, Lazarraga Kultur Elkarteak IAKren eskaintza sendotzen jarraitzen du, Gasteizko euskal kulturaren eta kultur jardueren erreferentziazko gune gisa. Udazkeneko programazioak ez du eskaintza itxi gisa planteatzen, eta datozen asteetan jarduera eta kontzertu berriak iragarriko dira. Programazio osoa eta eguneratua Izaskun Arrue Kulturgunearen webgunean egongo da ikusgai, eta jarduera bakoitzaren inguruko informazio zehatza bertan eta sare sozialetan jakinaraziko da. Sarreren
eta izen-emateen inguruko informazioa ere kanal horietan emango da.
