Autozaintza, prebentzioa eta komunitatea osasunean
Zer egin dezakegu gure ongizatea zaintzeko? Zer leku dute autozaintzak, prebentzioak eta komunitateak gure osasunean? Eta zer ekarpen egin diezaioke osasun-sistema publikoak ikuspegi horri?
Galdera horien inguruan hausnartzeko aukera izango dugu Eusko Ikaskuntzako Arabako Bazkideen Ekimen Taldeak (BET) antolatutako ArabariSOlasaldiak topaketaren bigarren saioan.
Oraingo honetan, ongizatea, autozaintza eta osasun-sistema izango ditugu hizpide, ikuspegi osagarrietatik abiatuta. Jone Agirre erizaina eta Ayurvedan masterduna da, eta gaur egun permakultura eta elikadura ekologiko eta osasungarria sustatzeko proiektu batean dihardu. Adrián Zelaia, berriz, medikua da, traumatologian espezializatua, eta Mendaroko ospitalean egiten du lan. Osasungintza euskalduntzearen aldeko konpromisoa ere badu.
Bi solaskideek, beren esperientzia eta ezagutzetatik abiatuta, norberaren ongizatea zaintzeko ohiturez eta erabakiez hitz egingo dute, baita prebentzioak, komunitate-sareek eta osasun-sistema publikoak duten garrantziaz ere. Izan ere, osasuna ez da gaixotasunik ez izatea soilik: gure eguneroko ohiturek, elikadurak, harremanek eta bizi garen inguruneak ere eragina dute gure ongizatean.
Saioak gogoeta partekatua eta elkarrizketa sustatu nahi ditu eta, amaitutakoan, elkarrizketa modu informalean jarraitzeko aukera izango da, mokadu baten bueltan.
Ekitaldi hau Eusko Ikaskuntzako bazkideei zuzenduta dago batez ere. Bazkide ez den pertsona batek lagunduta joan ahal izango da ekitaldira, betiere bazkidearen eskutik baldin badator (izen-ematean, bazkide ez den pertsonak, parentesi artean, lagundutako bazkidearen abizena adierazi beharko du).
Egoki antolatzeko, edukiera mugatuta izango denez, mesedez, aldez aurretik izena eman ezazu. Kontuan izan saioa euskara hutsez izango dela.