BAGARE deialdia | BAGARE. Arabako kultura estrategia euskaltzaleak sustatzeko ikerketa beka deialdiaren xedea lurraldeko euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragina izango duten estrategia kulturalak eraikitzen lagunduko duen ikerketa bat diruz laguntzea da. 2024/2025eko BAGAREko I. edizioan, Euskal kulturaren arloan ikerketa bat sustatzeko helburuarekin, Arabako Bertsozale Elkartearen proiektua hautatu eta diruz lagundu zen. Ikerketa honen prozesua eta emaitzak partekatzeko, aurkezpen irekia egingo da uztailaren 10ean, 19:00etan IAKn.
Bertsolaritza Araban iraganetik etorkizunera: formazioa, ikerketa eta plan estrategikoa | Arabako Bertsozale Elkarteak egindako “Bertsolaritza Araban iraganetik etorkizunera: formazioa, ikerketa eta plan estrategikoa” ikerketak azken hamar urteetako aldaketa sozialak aztertu ditu, bereziki jendea biltzeko eta kultura egiteko ohituretan izandako eraldaketak. Belaunaldi berrien funtzionamendu desberdinak eta adinekoen egokitzapenak ere kontuan hartu dira. Arabako Bertsozale Elkartea duela 30 urte sortu zen, eta orduko jardun-moldeek gaur egungo Arabako errealitatean balio ote duten galderari erantzun nahi izan dio ikerlan honek. Horretarako, abiapuntu gisa egungo errealitatea hartuta, orain arteko ibilbidea baloratu, behar berriak detektatu eta esperientzia pilotuak abian jarri dira, helburu argi batekin: etorkizunerako ibilbidea marraztea.

