Ikastaroa
*JARDUERA HONETAN KULTURA BONUA 2026 EZIN DA ERABILI.
__
EUSKALDUNENTZAKO JABETZE ESKOLA |Egitasmo honek III. Edizioa izango du 2026-2027 ikasturtean. Mugitzen, hizkuntza-menperakuntzarako estrategiak detektatzen, eta, beraz, “kateak sentitzen” jarraituko dugu oraingoan ere.
Jabetze eskolen jatorria, dakigunez, mugimendu feministan dago. Gizartean dagoen egiturazko zapalkuntza atzematen eta horren aurreko erresistentzia praktikan jartzen bide-erakusle da feminismoa, eta, halaxe da, baita hizkuntzaren arloan lanean ari garenontzat ere. Euskaldunok badugu gure inguruan zer ezagutu eta hausnartu, eta badugu mugitu beharra, lotzen eta mugatzen gaituzten egoerak eta baldintzak eraldatu nahi baditugu, behinik behin.
Aurreko bi edizioek erakutsitako bidean, helburu berberekin jarraituko dugu: Gasteizko eta inguruko euskaldunok geure burua jantzi, alor ezberdinetan eraginkorragoak izateko; jabetu, ahaldundu, eta ondorioz, jendartea eraldatu; euskararen normalizazioak eta biziberritzeak alor ezberdinetan behar dituen funtsezko gakoak adituengandik zuzenean ezagutu; euskararen soziolinguistika hobeto ezagutu eta horretan sakondu…
III EDIZIOA | Ikasturte berriaren helburutzat dugu, era berean, antolatutako lau saioetan jasotakoa Gasteizko euskalgintza osatzen duten eragileentzat erabilgarri egitea. Hori kontuan hartuta diseinatu dugu programazioa: aldaketa-prozesu sozialak aztertu, eremu urbanoetan euskararen aldeko mugimenduak dituen bereizgarriak identifikatu, justizia sozialaren esparruari erreparatu, eta euskararen gaitasunaren eta kalitatearen auziaz aritu nahi dugu. Gasteizko euskaldunentzako eta euskalgintzan ari direnentzako jabetze eskola izango da aurtengoa.
*Izen emateak irailetik aurrera