Bisita gidatua | Gernikak. Begiradak erakusketara | Erakusketa honen baitan, ostegunero 11:00etan Txema Ramirez de la Piscina, erakusketako koordinatzaileak gidatutako bisitak izango ditugu. Hauetan, erakusketaren hastapenetik artelan bakoitzaren nondik norakoetara bidaiatu ahalko dugu pieza bakoitzak islatzen duen gerratea gertutik ezagutzen duen pertsonaren eskutik.
Izan ere, erakusketa honetan Xanti Arrieta eskulturgileak Picassoren artelan ezaguna zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta egun euskal kulturan erreferentzialak diren zenbait pertsonaren begiradak jasoz. Hala nola: Nerea Ibarzabal Salegi, Eñaut Elorrieta Larruzea, Castillo Suarez Garcia, Patxi Ibarzabal Ansola, Maite Aristegi Larrañaga, Amets Arzallus Antia, Onintza Enbeita Maguregi, Martxelo Otamendi Egiguren, Kirmen Uribe eta Txema Ramirez de la Piscina. Xanti Arrietak teknika eta material desberdinak -eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmaltea, zura…- erabiltzen dituen artista bergararra da. Txema Ramirez de la Piscina ibilbide luzea duen kazetari, idazle eta ikerlaria da; aspaldi gasteiztartu zen komunikazio irakasle Ibartarra da eta erakusketa honen koordinatzaile gisa aritu da Gernikako bonbardaketaren inguruan izan dezakegun sentsibilitatea mundu mailara zabalduz.
Gernikak. Begiradak erakusketa| Aurrean duzuna ez da atseden gunea. Ezta begiratoki ederra ere. Burdinazko aulki txatar batean zaude jesarrita. Deseroso, ipurdia jarlekuaren pleguetara egokitu ezinik. Parean duzun errealitatea ez duzu gustuko. Entzuten duzun garrasiaren gordinak bihotza urratzen dizu, baina ez dakizu zer egin, zer esan, nola jardun. Orrialdea pasa? Telebista itzali? Munduari bizkarra eman?
“Gernikak. Begiradak” erakusketa ezinegonetik sortu den begirada kolektiboa da. Gernikan 1937an izandako bonbardaketatik gaur arte zein gutxi ikasi dugun ikusarazten digun oihu erdiragarria. Izan ere, guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten dizkiguten toki-izenak dira: Malaga ezezagunagoak. Urrutikoegiak, agian? Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza berri jasateko prest gaude, gu XXI. mendeko lehen laurdenera iritsi garen munduko hiritar modernook gure besaulkitik zirkinik ere egin gabe?
____________________________________________________________________________
IZEN EMATEAK: 615986832 telefonoan jasoko dira (10:00 – 12:00etarako tartean astelehenetik ostiraletara) edo komunikazioa@lazarraga.eus helbidean.
_____________________________________________________________________________