Galduta nabil eta ez dakit diskoaren aurkezpena
KONTZERTUA
*JARDUERA HONETAN KULTURA BONUA 2026 EZIN DA ERABILI.
2026 urtea agurtzeko, gitarra zorrotzak, garagea, post-punka eta, zergatik ez, autotunea uztartzen dituen kontzertu bikoitza antolatuko da IAK-n.
Euskal Herriko rock eszenan azkenaldian bolo-bolo dabiltzan bi talde taularatuko dira: Mirotz gasteiztarrak, eta Txopet, azken hauek labetik atera berri izango den ‘Galduta nabil eta ez dakit’ lana besapean dutela.
TXOPET | Txopetek bere lekua egin du euskal musika eszenan, abestiz abesti, kilometroz kilometro eta, batez ere, kontzertuz kontzertu. Bilbotik abiatuta, Euskal Herriko plaza, areto eta gaztetxe ugari zapaldu dituzte, baita Estatuko hainbat txokotan jo ere, Bilbao BBK Live, Azkena Rock Festival edota BIME bezalako jaialdietatik igaroz.
Orain, hirugarren diskoa aurkeztera datoz, Galduta nabil eta ez dakit (2026). Derrigorrezko etenaldi baten ondoren sortutako zortzi abesti dira, soinu berriak esploratu eta popa, post-punka eta folka naturaltasunez uztartzen dituzte. Urtzi Izarekin ekoitzitako eta Jacobo Nayaren parte-hartzearekin osatutako lanak etapa berri bati ireki dizkio ateak.
Baina Txopet zerbaitek bereizten badu, zuzenekoa da. Energiaz eta bat-batekotasunez beteriko kontzertuak eskaintzen dituzte, publikoarengan arrastoa uzten duten horietakoak, edozein unetan ustekabeko zerbait gerta daiteke. Taldekide berri baten etorrerak indartu egin du taldearen alderdi hori, soinu berrietara zabalduz eta zuzenekoa beste maila batera eramanez. Disko berriarekin, laugarren taldekidearen etorrerarekin zuzeneko indartsuagoarekin, etapa berri bati ekingo dio Txopetek, hazten jarraitzeko eta bere musika publiko berrietara zabaltzeko asmoz.
—
MIROTZ | Gasteiztik datoren haize berria dugu Mirotz, Markel (bateria), Julen (baxua eta ahotsa) eta Aritzek (gitarra eta ahotsa) sortua. Taldearen oinarriak ezartzen eta lehen hegaldia aurkezten aritu dira azken hilabeteetan.
Autotunedun ahotsak, gitarra eta baxu melodikoak eta bateria gogorrak gure belarrien harrapakari.