Skip to main content

Julene Gatzagaetxebarria eta Sara Oregi dira iazko irailean martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan aukeratuaren egileak. Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak proiektu bakarra aukeratzea erabaki du deialdi honetan, proiektuaren orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa aintzat hartuta.

Bi gazte hauek “Etengabeko (ber)eraikuntzan” olerki-liburu ilustratuaren proiektua aurkeztu dute deialdian; alde batetik, Julen Gatzagaetxebarriak azken urteetan zehar idatzi dituen olerkien bilduma batu nahi dute liburuan, eta bestetik, Sara Oregiren ilustrazioek lagunduta jantzi dute olerki bakoitza, beharrezko gorpuzkera eta edertasun puntua emanez. Olerkiek ez dute ildo zehatz bat jarraitzen, ortzimuga zabal bat jorratzeko asmoarekin sortuta daude: bizimodua ikusteko erak, eguneroko kronika kritikoa, pertsonen arteko harremanen eragina, adiskidetasuna, maitasuna, bizipen pertsonalak eta fikziozkoak direnak ere, lagunei opari modura eskainitakoak… Azken finean, Julenen hurbileko ingurunean bizi eta ikusi dituen egoerek eta horien aurrean izan duen jarreretan aurkitu du inspirazioa.

Jarraitu beharreko pausuei dagokienean, aldiz, bi neskek hilabete eman dute crowdfunding kanpainak prestatzen Itsulapikoa.eus plataforman ezagutzera emateko, eta urtarrilaren 15ean jarriko dituzte kanpainak abian. Ondoren, 28 eguneko epea izango dute proiektua aurrera ateratzeko behar duten dirua batzeko eta kulturzale eta euskalzale interesatuek beren ekarpenak egin ditzaten. Proiektua garatzeko prozesuan, bestalde, Gatzagaetxebarriak eta Oregik deialdiko antolatzaileen laguntza izango dute: Izaskun Arrue Kulturgunearen eta Gauekoak programaren arduradunek marko orokorrean lagunduko die eta Itsulapikoa proiektuak, aldiz, crowdfunding kanpaina antolatzeko aholkularitza emango die. Horrez gain, proiektu honek, Laboral Kutxaren 2.000 eurotako dirulaguntza jasoko du.

Lazarraga Kultur Elkarteak eskerrak eman nahi dizkiete egitasmo honetan bidelagun duen Gauekoak programari eta Gasteizko Udalari, baita deialdia babestu duten eragile ezberdinei: proiektuaren babeslea den Vital Fundazioa, Laboral Kutxa laguntzaile gisa, Itsulapikoa crowdfunding kanpainaren aholkulari moduan, eta baita hedabide laguntzaileak ere egindako zabalpenagatik: ALEA, Berria, Eitb – Radio Vitoria eta DNA.

Halaber, antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute, Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiarekin Gasteizko eta Euskal Herriko gazteen kultur-proiektuak euskaraz garatzeko beste modu bat abiatu dela. Gauekoak programako Idoia Ruiz-en arabera, “BATERA bezalako proposamenak oso beharrezkoak dira kultura eta aisialdia bultzatu eta gazteei ate berriak irekitzeko. Oso aberasgarria da proiektuen hazte prozesua ezagutu, jarraitu eta helburuak betetzen direla ikustea”.

Batera, kultura proiektuak elkarrekin deialdiaren edizio honetan, egitasmo bakarra babestu da, baina hurrengo urteetan proiektu gehiago sustatzeko bideak jorratuko dira eta ildo honetan lanean jarraitzea asmo dute.

Logotipo de IAK Izaskun Arrue Kulturgunea
Pribatutasuna

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.