BATERA euskarazko proiektu kulturalak bultzatzeko deialdia bueltan da beste urte batez Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatzen duen IAKn, Gauekoak programarekin elkarlanean.
Deialdia 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, baldin eta Gasteizen edo Araban bizi, ikasi edo lan egiten badute, eta helburua euskaraz sortutako kultura-proiektuak bultzatzea da. Edozein diziplina edo formatutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, betiere euskarazko sorkuntzan ekarpena egiten badute.
BATERA deialdiak ekimen kultural jakin baten garapenari diruz laguntzeko helburua du, internetek eskaintzen duen crowdfundingaren aukera baliatuz: liburu bat argitaratu, jaialdi bat antolatu, APP bat sortu, podcast bat martxan jarri, erakusketa bat egin, bideo-jolas bat garatu, euskarazko lelodun kamisetak egin, sare sozialetarako edukia sortu…
Deialdiak gazte euskaldunek euskaraz garatutako kultura-proiektuak hartzen ditu kontuan, eta kulturaren arloan gauzatzeko edozein ideia baloratuko da. Bereziki, euskararen erabileran eragina izango duten, gazte euskaldunen sustatze-ahalmena indartuko duten eta euskararekiko atxikimendua sendotuko duten proposamenak izango dira kontuan.
Izen-ematea martxoaren 2tik apirilaren 26ra egongo da zabalik. Aurkeztutako proposamen guztien artean, bi proiektu hautatuko dira.
Deialdiari buruzko informazio guztia; parte hartzeko baldintzak, aurkezteko modua, hautaketa-prozesua, laguntza ekonomikoak eta crowdfundingaren funtzionamendua, esteka honetan dago eskuragarri: https://iak.eus/ekitaldia/batera-kultura-proiektuak-elkarrekin/
