IAKn (Izaskun Arrue Kulturgunea) euskarazko kultura-sorkuntzak berebiziko garrantzia du. Ildo horretatik, Arabako, Gasteizko eta Euskal Herri osoko kultura-diziplina ezberdinetako sortzaileak egitasmo honen xede bihurtuko dira, ezinbestean. Sormena sustatzeaz gain, sortzaileei lana erraztu eta beren garapen pertsonalean lagundu, sormen lanak gizarteratu, saretzeak sustatu eta esperimentatzeko aukerak eskaini nahi ditu espazio honek, pixkanaka sorkuntza gune bilakatzeko asmotan.
Helburu horiei erantzutera datoz Izaskun Arrue Kulturgunean Lazarraga Kultur Elkarteak martxan jarri dituen hiru deialdi hauek ere:
- Taulara, mikroantzerkien lehiaketa: 3. edizioa izango da honakoa. Deialdi honen bidez formatu txikiko antzezlanak ekoizten lagundu nahi da. Bi kategoria izango ditu: batetik, jatorrizko gidoi onena sarituko da (1.500 €), eta bestetik, jatorrizkoak ez diren eta 2022tik hona sortutako gainerako lanetatik bik jasoko dute saria (750 €ko bi sari). Bigarren kategorian, publikoaren saria ere egongo da (500 €). Deialdia Euskal Herri osoko antzerki munduko sortzaileei, aktoreei eta taldeei zuzenduta dago. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.
- Egin Leku, musikari hasiberrientzako deialdia: deialdi hau musikaren munduan lehen pausuak ematen ari diren 35 urtetik beherako hasiberriei zuzendutako deialdia da. Hirugarren aldia da deialdi hau egiten dena. Modu profesionalean diskorik grabatu ez dutenek, edozein musika estiloan eta bakarka zein taldean aurkeztu ditzakete beren proposamenak. Aurkeztutako lan guztietatik aukeratuek Izaskun Arrue Kulturgunean kontzertua emateko aukera izango dute eta 300€ko saria emanaldia prestatzearren. Proposamenak aurkezteko azken eguna abuztuak 30 izango da.
Bi deialdi hauek Oihaneder Euskararen Etxean dute abiapuntua eta IAKn ere jarraipena emango zaie. Muina deialdia ez bezala, Euskal Herriko osoko sortzaileei zuzenduta egongo dira.
- Muina, kultura-jardueren poltsa: deialdi honen lehen edizioa izango da, eta 2025ean zehar Izaskun Arrue Kulturgunean garatzeko kultura-jardueren proposamenak jasoko dira. Jasotako proposamen guztietatik diziplina ezberdineko bost lan aukeratuko dira (ikuskizun bat, hitzaldi bat, ikus-entzunezko proiekzio bat, ikastaro bat eta lantegi bat). Deialdia arabar herritarrei zuzenduta dago. Abuztuaren 22ra arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik.
Hiru deialdietan proposamenak aurkezteko epea uztailaren 22an ireki da, eta deialdi bakoitzean inprimaki bidez eman daiteke izena, oinarrietan azaldutako irizpideak jarraituz.
*Info +: Amaia Kerexeta / komunikazioa@lazarraga.eus / 615 986 832
Oinarriak eta proposamenak aurkeztea: