Euskal Herriko feministek aspaldi erakutsi bezala, beharrezkoak eta eraginkorrak dira Jabetze Feministarako Eskolak, ahalduntze eskolak, alegia; eta han eta hemen, ingurumari ezberdinetan, barreiatuta daude, emakumeak feminismoan jabetzen eta mugimendu feminista bera ahalduntzen eta indartzen. Hausnarketa horietatik tiraka Euskaldunentzako Jabetze Eskola bat jarri da martxan Izaskun Arrue Kulturguneko programazioaren baitan, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera eta Manex Agirreren dinamizatzaile lanen laguntzaz. Gasteizko eta inguruetako euskaldunek beren burua janztea, euskararen normalizazioak eta biziberritzeak alor ezberdinetan behar dituen funtsezko gakoak adituengandik zuzenean ezagutzea, euskalgintzan egiten diren sareko eragileen hausnarketak partekatzea eta euskararen soziolinguistikan sakontzea lortu nahi izan da. Eskolaren edukiak hiru bloketan banatu dira, hiruhileko bakoitzean bloke bat, alegia: hausnartzea, pentsamolde zaharrak berritu eta berriak barneratzeko; ahalduntzea, euskararen biziberritzean hainbat esparrutatik eragiten diren proiektuak ezagutu, ulertu eta jabetzeko; eta artikulatzea, garai berriek eragiteko esparru ezberdinak dakartzatenez, ekosistema euskaltzalearen ere bere aliantza sarea berritzeko. Jarraian ikasturte honetako topaketa bakoitzetik ateratako “zazpi jauzi” edo zazpi ideien laburpena bildu da. Ikasturte honetan jasotakoa ondo gorde eta hurrengo ikasturteko jabetze eskolari begira jartzeko ordua da. Adi egon hurrengo ikasturteko Euskaldunentzako Jabetze Eskolaren inguruko berriei!
