Skip to main content

Gasteizko IAK-Izaskun Arrue Kulturguneak, Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatua, apirilean eta
maiatzean zehar bi erakusketa hartuko ditu, oso esparru ezberdinetatik abiatuta, euskal kulturaren
aberastasuna balioan jartzen dutenak. Alde batetik, “A la yuklak, golpian bat” erakusketa, sagardoaren
eta sagardotegien azken 200 urteetako aisialdiaren bueltan. Bestetik, “Kanthoria eta autotunea”,
euskarazko musikaren bilakaerari buruzko erakusketa.

“A la yuklak, golpian bat”

Lehenengo erakusketa, “A la yuklak, golpian bat”, apirilaren 9tik 30era bitartean bisitatu ahal izango da
Errementari kaleko IAK-ko bigarren solairuan. Sagardoetxea Museoak antolatuta, erakusketa honek
sagardoaren inguruko aisialdiak azken 200 urteetan izandako bilakaera erakusten du. Eduki ezberdinen
bidez, bisitariek XIX. mendearen amaierako sagardotegien giroan murgildu ahal izango dute, eta
topagune sozial gisa izan zuten garrantzia ikusteaz gain, bertan garatzen ziren kultur-jarduerak ere, hala
nola, boloak, toka edo bertsolaritza, ezagutuko dituzte.

Erakusketak, halaber, gaur egun sagardotegietako esperientziaren elementu nagusietako bat den txotx
errituaren jatorria eta bilakaera azaltzen du, eta sagardoaren ekoizpen eta kontsumoan izandako
aldaketak aztertzen ditu XIX. mendetik gaur egunera arte, frankismo garaiko krisia eta ondorengo
berpizkundea barne.

Jarduera osagarri gisa, apirilaren 9an inaugurazioa egingo da, Lourdes Odriozola historialariaren bisita
gidatuarekin, eta apirilaren 30ean itxiera ekitaldia ospatuko da Arabako ekoizleen sagardo
dastaketarekin.

“Kanthoria eta Autotunea”

Bestalde, “Kanthoria eta autotunea” erakusketa apirilaren 16tik maiatzaren 10era bitartean Izaskun
Arrue Kulturguneko beheko solairuko aretoan egongo da ikusgai. Musika Bulegoak bere hamargarren
urteurrena dela eta sustatutako erakusketa ibiltari honek euskarazko musikaren historiaren birpasa
egiten du, XVII mendetik gaur egunera arte, bere garapena baldintzatu duten testuinguru
soziokulturaletan arreta jarriz.

Bilbotik igaro ondoren, erakusketa Gasteizera iritsiko da, eta jarduera osagarrien egitarau berezi batez
hornituta etorriko da, egungo sorkuntza musikalean sakontzen laguntzeko. Horien artean
nabarmentzekoak dira apirilaren 16ko irekiera, Galderren kontzertuarekin; apirilaren 24an Xabier Erkiziak
gidatutako den bisita, eta ondorengo “Iaiaiai Irrintzi” performancea; eta maiatzaren 6an antolatuko den
mahai-ingurua, euskal musikaren konpromiso politikoaz, Jon Basagurenen gidaritzapean, Birkite Alonso,
Josu Zabala eta Sara Alonso partaide direla.

Bi erakusketak asteburuetan bisitatu ahal izango dira IAKn: ostiral eta larunbatetan 12:00etatik
14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara (maiatzaren 1ean izan
ezik).

Erakusketa hauen eta hauei lotutako jarduera osagarrien inguruko informazio guztia hemen dago
eskuragarri: https://iak.eus/es/agenda/

Amaitzeko, aipamen berezia egin nahi diegu erakusketa hauen laguntzaileei: Celaya Fundazioari, bi
erakusketetan egindako ekarpenagatik; Musika Bulegoari, “Kanthoria eta Autotunea” erakusketan
izandako lankidetzagatik; eta Gorka Basterretxeari, “A la Yuklak, Golpian bat” erakusketan egindako
ekarpenagatik.

Logotipo de IAK Izaskun Arrue Kulturgunea
Pribatutasuna

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.