Lazarraga Kultur Elkartea badoa gutxinaka Izaskun Arrue Kulturguneari forma ematen. Izan ere,
uztailaren 18an bere ateak ireki zituenetik, programazio anitza martxan jarri du 2025eko udaberrira arte, eraikina ezagutzera eman du sustapen ekintza ezberdinen bidez, eragile ezberdinen jarduerak antolatu ditu eta espazioen alokairuak bideratu dira eta tabernaren esleipenaren lehiaketa egin du, besteak beste.
Lehiaketa honen harira ebatzi du Lazarraga elkarteak kulturguneko tabernaren kudeatzailea Asier Gereta izatea. Asier Gereta gasteiztarra da eta jatetxe-arloko zerbitzuen zuzendaritza eta sukaldaritza eta gastronomia zuzendaritza ikasketak ditu. Lan esperientziari dagokionean, jangelan eta sukaldari gisa aritu da Gasteizko eta Arabako zeinbait ostatutan, baita Europako hotel ezberdinetan ere. 2024ko udan, esaterako, Guardiako igerilekuetako taberna kudeatu du.
Behin lehiaketa bideratuta, Asier Gereta buru-belarri aritu da azken hilabetean lanean tabernan azken ukituak ematen: altzariak atontzen, musika ekipoaren instalazioa egiten, tabernako espazioa antolatzen, iruditegia lantzen, eta nola ez, tabernan eskainiko den jateko eta edatekoen eskaintza goxoa (razioak, pintxo bereziak eta edateko eskaintza aukeratua) osatzen. Aipatutako xehetasun guztiak prest izanda, heldu da azkenean taberna irekitzeko momentua: abenduaren 3an -Euskararen Nazioarteko Egunean, alegia-, arratsaldeko 19:30etatik aurrera irekiko ditu bere ateak Izaskun Arrue Kulturguneko tabernak gerturatu nahi duen edozeinentzat.
Behin taberna inauguratuta, asteartetik igandera bitartean egongo da irekita:
– Astearte eta asteazkena: 18:00-22:00
– Osteguna: 12:00-15:00 / 18:00-22:00
– Ostirala eta larunbata: 12:00-15:30 / 18:00-itxi arte
– Igandea: 12:00-15:30
Bestalde, kulturgunean arte bizietako jarduerak daudenean, ikuskizunek iraun bitartean, kulturgunera gerturatzen diren erabiltzaileentzat soilik egongo da taberna zabalik, IAK bezalako aretoetan jokatu ohi den moduan.
Taberna Ruiz de Bergaratarren jauregian kokatuta dago (Zapatari kalean), eta berau zaharberritu ondoren, eraikinak hiru solairutan banatutako erabilera anitzeko aretoak eta eremuak ditu, bai barne antolaketarako, eta baita erabilera publikorako. Erabilera publikoa izango duen eremu horietako bat da ostalaritza zerbitzurako diseinatuta dagoena, eraikinean beheko solairuan kokatuta. Zapatari kaletik izango du sarbide zuzena. 45 metro karratuko espazioa da, hiru zati nagusitan banatuta: tabernaren espazioa, sukaldea eta biltegia. Tabernak, bestalde, 35 lagunentzako edukiera izango du.
Halaber, urtea amaitu aurretik eraikina ikus-entzunezko eta argiteria materialekin hornituta egotea espero da, eta modu honetan, urte amaierarako eraikina ia bere osotasunean prest egotea aurreikusten da.