Skip to main content

Uztailaren 18an, lehenengo urtea beteko da, Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK) ateak ireki zituenetik. Data merezi bezala ospatzeko, programazio berezia prestatu da: Bingoz Bingo ikuskizuna Yogurinha Borovarekin eta Aurori Badiolarekin, eta ondoren dj saio bat. Ekitaldia 20:00etan hasiko da. Urteurrena borobiltzeko; uztailaren 16an, mingainak berotzen joateko jarduera berezi bat antolatuko da; urteurren honen harira prestaturiko bertso-saio bereziaren entsegu orokorra, arratsaldeko 19:30etan. Bi jarduerak doan izango dira, eta herritar guztiei zabalik, edukiera bete arte.

Izan ere, ospatzeko arrazoiak ez dira falta: urtebete eskas honetan jadanik 5.000 pertsona baino gehiago igaro dira IAKtik, kontzertu, bakarrizketa, hitzaldi, tailer, ziklo, erakusketa eta mota askotako kultur jardueretan parte hartuz. Publikoaren erantzuna aparta izan da, eta horrek berresten du, hainbat urtetan aldarrikatu zen bezala, euskal kulturak horrelako espazio bat merezi eta behar zuela Gasteizen. Bestalde, merezitako ospakizunetik harago, urteurren hau mugarri bat da bide erdian; hausnarketa egiteko unea eta aukera. Gelditu eta momentu batez atzera begiratu, egindako bideari erreparatzeko, eta jarraian, indarrak hartuta begirada aurrera zuzendu, eskuartean dauden erronkei gogo handiagoz heltzeko.

Atzera begira, Lazarraga Kultur Elkarteak eskerrik beroenak eman nahi dizkie urtebete hau posiblea egin duten guztiei: Eskerrik asko IAKtik igaro diren artista eta kultur sortzaile guztiei, haiek izan baitira IAKko paretei arima eman dietenak proposamen gogoangarriekin; modu berean, mila-mila esker antolatutako jardueretara hurbildu diren ikusle eta parte-hartzaile guztiei, erakutsitako interesagatik; hainbat jardueratan sarrera guztiak agortu dira, eta argi geratzen da tokiko eta kalitatezko kulturarekiko interesa inoiz baino biziago dagoela Gasteizen.

Begirada aurrera zuzenduz, berriz, orain arte lortutakoa ez da nahikoa IAK finkatzeko. Espazio hau oraindik egonkortu beharra dago Gasteizko kultura ekosisteman erreferentziazko euskal topagune bezala. Hori lortze aldera honako hauek ezinbestekoak izango dira: Lazarraga Kultur Elkartearen lan gogorra; Gasteizko Udalaren babes sendoa eta konplizitatea datozen bi-hiru urteetan; proiektua orain arte babestu dutenen laguntza etorkizunean ere mantentzea; saretze lana Gasteizko euskalgintzako eta kulturgintzako eragileekin sakontzea, eta noski; komunitatearen konexioa. Bide horretan, zailtasunak zailtasun, iaz adierazitako moduan, Gasteizen EUSKAL KULTURAK IZANGO DU NON ETA NOLA.

Etorkizun horren aurreneko lagina hurrengo egunetan eskainiko da, udazkeneko programazioa argitaratzen denean. Oraingoz ezer aurreratzerik ez dagoen arren, landutako agendak izen indartsuak eta proposamen berritzaileak ekarriko ditu datozen hilabeteetarako. Adi xehetasunei iak.eus webgunean.

Logotipo de IAK Izaskun Arrue Kulturgunea
Pribatutasuna

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.