Urteak dira, Gasteizen Kafe Antzoki bat amesten hasi ginenetik, zorrotz jarriko bagina aurreko mendeko 90eko hamarkadara joango ginateke; saiakera hark ibilbide motza izan zuen, ordea, beraz, koka gaitezen bizi garen mendean.
2008an Gasteizko Udal Gobernuak euskarazko kulturgintza ardatz izango zuen gune baten sorreraz aurre-ikerketa bat enkargatu zuen.
Prozesu parte-hartzaile ondoren, 2011n, ondorioak txosten batean bildu zituzten. Hemen, prozesua eten egin zen, proiektuak ahanzturan sartzeko bidea hartu zuen.
Egoera ikusita, 2011-12an, hainbat euskaltzale biltzen hasi ziren, Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataforma sortu zuten, 2013an Lazarraga Kultur Elkartea izango zena.
Ordudanik etengabeko lana egin da, Gasteizek euskarari eta bere kulturari emana egongo den kulturgunea izan dezan.
Hil berri zaigun Joxe Azurmendik 2003an esan zuen:
“Euskara biziko bada, gizarteak eusten diolako izango da, ez Estatuak edo Jaurlaritzak eusten diolako. Eta kulturalki, euskara biziko bada erabakigarria da garatzen, zabaltzen joango diren proiektu beregainak indartzea gorputz sozialean. Horrelakoak sortzen eta indartzen lagundu behar da”.
Aipu honek gure proiektuaren ibilbidearekin badu zerikusirik.
Batetik, ez gara Estatuaren eta Jaurlaritzaren babesean sortu, baina badugu hitzarmen bat Gasteizko udalarekin. Erakunde eta eragile sozialen arteko lankidetzaren aldeko hautua egin genuen eta horretan sinesten dugu. Lankidetza honen jarraipena ezinbestekoa izango da Izaskun Arrue Kulturguneak iraungo badu.
Gure proiektuak badu beste ezaugarri bat: Euskal kulturaren hautua egiten dugu euskararen biziberritzean eragiteko. Euskara, ez da museoan gordetzeko altxorra; euskara da bizitza sortzailea, lanerako nahiz adierazpen artistikorako tresna eta gizarte kohesiorako ezinbesteko elementua.
Urtebete joan zaigu IAK ireki zenetik, irekiera egunean, ez zela erraza izan esan genuen; bide berriari ekiteko unea zela; aurrera begira jartzeko garaia. Eta halaxe egin dugu, aurrera jo zailtasun eta traba ugarik hor jarraitzen dutela jakitun.
Orain – zerumuga urrun dagoen arren-, atzera begiratu eta konturatzen gara zenbat aurreratu dugun: Kulturguneari tamaina hartzen ari gara, askotariko publikoa dator, jendea jakin-minez dator IAKra eta gogobeteta doa etxera.
Euskaraz bizi, euskara biziarazi eta euskal sortzaileei erakuslehio bat eskaintzen dien kulturgunea badu Gasteizek.
Bagare nor Euskaraz!!
Laburbilduz, bidea egiten ari gara; bidean denetik aurkituko dugu, batzuetan haizea alde eta bestetan kontra; batzuetan eguraldi zakarra eta bestetan urdin-oskarbia.
Gure bideak ez dauka amaierarik, ez du helmugarik, helburua bai ordea: euskarari bidea zabaltzea, bidea egitea…
Horretarako guztiok izan gaitezen bidelagun!
Lukas Etxeberria
