Skip to main content

Neguko programazioaren baitan, Lazarraga Kultur Elkarteak, musika ziklo berria jarriko du martxan: Ingudea, soinuak errementari kaletik. Aspaldian errementariak eskuz burdinazko eta  metalezko piezak ingudean lantzen ateratzen zituzten hotsen gisan, Errementari kaleko kulturgunetik, aitzinako burdinola bat balitz bezala, musikaren doinuak entzungo dira. Musika bera izango da ingudea Izaskun Arrue Kulturgunean, eta hortik datorkio izena eta izana zikloari.

Modu berean, nortasun bereziko zikloa izango da, izan ere, mimoz aukeratutako bakarlari edo taldeak izango dira zikloaren protagonista: musika-proposamen desberdinak, arriskatuak hainbat kasuetan eta talentu gazteaz (eta ez hain gazteaz) gozatzeko aukera eskainiko du Ingudeak. Horretarako, Jon Basaguren bezalako eskarmentu handiko musikari profesionala egon da zikloaren aholkulari edo curator lanetan. Hilabeteak pasa dira Jonekin elkarrizketak eta ideiak pixkanaka lantzen hasi zirenetik, baina azken hiletan forma eta bizitza hartzen joan da zikloa, 2025. urtean argia ikusi arte.

Aipatutako proposamenen aukeraketa zainduaz gain, Ingudea, soinuak errementari kaletik zikloak izango duen iruditegiaren atzean Libe Kortazar diseinatzailea eta artista dago. Izenburuan bertan kokatu duen ingudetik hasita (g hizkian txertatu duen ingude txikia, ingudeak berak duen gogortasuna adieraziz), ingudearen irudia presente egongo da sortu duen logoan ere. Logoari dagokionean, burdinezko ingudea Izaskun Arrue Kulturgunearen antzokiko egurrezko zutabeekin uztartzen du, ziklo musikal honetarako nolabaiteko soinu grafikoa sortuz. Zikloaren irudirik esanguratsuenetarikoa izango da ingudea bera, izan ere, kontzertu guztietan izango den elementua da ingudea, eta bere suak argiztatuko du oholtza gaina hurrengo hilabeteetan.

Ingudea, soinuak errementari kaletik zikloaren baitan, honako kontzertuak eskainiko dira:

  • Urtarrilaren 24an, Orbel: Orbel taldea Baionatik dator eta post-rock elektrikoaren esparruan mugitzen dira. Lau kidez osatutako taldea da eta 2022an argitaratu zuten Lur Hezea diskoa aurkeztuko dute. 8 abestiz osatutako diskoa da eta egunsentiko paisaiak marrazten dituzte kantuetan, melodia garbi eta ahots ausarten konbinazioarekin. Makina elektronikoak eta instrumentu tradizionalak nabarmentzen dira taldearen bigarren lan honetan, garai bateko erritu paganoen gisa, tribu-erritmoak eta hileta-zeremoniak nahasten direlarik.
  • Otsailaren 21ean, Silitia: Ibai Silicato eta Xabier Barrutia bizkaitarrak daude proiektu honen atzean eta brioche pop bezala definitzen duten musika egiten dute. Estiloei buruz galdetzen badiezu, punky-funky-elektro-euskal-rock abestiak egiten dituztela esango dizute, baina, batez ere, Silitia proiektu poliedrikoa da, etengabe garatzen ari dena, eta urrats bakoitza harrigarria da. Bere proposamen estilistiko hedakorrak maisutasun harrigarri batekin nahastea lortzen du, hala nola, elektronika, post punk, funk, musika oktogonala, industriala, art rock… Eta honen gainean, melodia argi eta distiratsuak, pop klasikoaren estilorik garbienean.
  • Martxoaren 28an, Bris: Iruñaldetik datorren taldea da Bris eta frantsesez pitzadura eta haustura esan nahi du taldearen izenak. 80. hamarkadako eraginak nabari dira beren kantuetan: ahots erreberberatuak, gitarra malenkoniatsuak, erritmo kutxak eta sintetizadoreak entzungo dira, besteak beste, Brisek eskainiko duen emanaldian. Synth pop-rock musika estiloan mugitzen dira gehienbat.

Kontzertu guztiak ostiraletan izango dira, Izaskun Arrue Kulturgunean, iluntzeko 20:30etatik aurrera. Dagoeneko salgai daude iak.eus webgunean kontzertuetako sarrerak, 5 eurotan sarrera arruntak eta 4 eurotan murriztutako sarrerak. Oraingoz hiru kontzertu antolatu diren arren, udaberriko programazioak aurrera egin ahala, kontzertu gehiago aurreikusten dira zikloaren baitan.

Halaber, antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute, Ingudea, soinuak errementari kaletik zikloan jaso duen Vital Fundazioaren babesa. Erakunde honen zuzendaria den Arantxa Ibañez de Opakuak adierazi duen moduan, “Vital Fundazioak Izaskun Arrue Kulturgunearen aldeko apustua egin nahi izan du hasieratik, eta elkarlanean aritu nahi izan du euskarazko kultur jarduerak Gasteizko erdigunean espazio propioa izan dezan”.

Ildo honetatik, eskerrak eman nahi dizkiete baita egitasmo honetan bidelagun duen Jon Basagureni eta Libe Kortazarri, baita deialdia babestu duten eragile ezberdinei: proiektuaren babeslea den Vital Fundazioa, Laboral Kutxa laguntzaile gisa, eta baita hedabide laguntzaileak ere egindako zabalpenagatik: ALEA, Berria, Eitb – Radio Vitoria eta DNA.

Ingudea

Logotipo de IAK Izaskun Arrue Kulturgunea
Pribatutasuna

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.