Lukas Etxeberria Sagastume (Lazarraga Kultur Elkartea): “IAK-n, Izaskun Arrue Kulturgunean, euskal
kultura biziarazi nahi dugu, esperimentatu, balioetsi, landu, sortu eta erakutsi. Hasiera pausatua izango da,
martxa hartu behar dugu lehenik, motorrak berotu eta errendimendu betean hasiko gara ondoren. Euskaraz
jakin edo ez jakin IAK guztientzat irekita egongo da, Euskal Kultura guztiok partekatzea nahi dugulako. Beraz, Gasteiztar guztiok gonbidatuta zaudete Izaskun Arrue Kulturgunera.”
Bi urteko atzerapenarekin bada ere, Izaskun Arrue Kulturgunea laster irekiko da. Izan ere, Gasteizko Udalaren eta Lazarraga Kultur Elkartearen azken hilabeteetako gora beherak behin gaindituta, ekainean zehar 2024ko hitzarmena sinatu dute bi aldeek eta elkartea 2023ko zuriketari egotzitako zorra ordaintzen hasi da. Gasteiz Antzokia-Euskararen Etxearen proiektuak aurrera egin ahal izan du modu honetan. Lazarraga Kultur Elkarteak Ruiz de Bergara Jauregiaren giltzak eskuratu dituen momentutik, bestalde, eraikinera leku aldatu da lantaldea eta hasierako egunak espazio eta egoera berriari neurria hartzen aritu da. Fase berri honetan elkarteak etorkizuneko pausuak ondo zehazteari ekin dio, gogotsu eta indarberrituta.
Ibilbide berri honetan, lehenengo geldialdia irekieran egingo du elkarteak, izan ere, Lazarraga Kultur Elkarteak Izaskun Arrue Kulturgunea lehenbailehen irekitzeko data zehaztu ahal izan du azkenean: uztailaren 18an egingo du irekiera ekitaldia eta hortik aurrera, gutxinaka, programazio anitza erakusten hasiko da.
Horren haritik, uda aurretik hainbat jarduera antolatu dira:
-“ertZak ZintZilik” lantegia, Nondik arkitektura estudioarekin batera: kulturgunean egingo den lehen
jarduera irekia izango da honakoa, familiei eta haur eta gaztetxoei zuzenduta. Espazioa ertz ezberdinetatik
nola sor daitekeen irudikatuko dute, eraikinak dituen elementuekin jolastuz. Uztailaren 16an egingo da
lantegia, 17:30ean.
–Irekiera ekitaldia: uztailaren 18an, arratsaldeko 18:15etatik aurrera egingo da Izaskun Arrue Kulturgunearen aurkezpena eta bazkide eta lagunei zuzendutako ekitaldi soziala izango da.
–Bisita gidatuak: bi egunetan egingo dira bisitak, saio ezberdinetan.
Uztailaren 19an, 2 bisita:
10:00etan (EU) eta 11:00etan (EU)
Uztailaren 22an, 2 bisita:
10:00etan (EU) eta 11:00etan (ES)
-Jolas birziklatuak eta musikatuak: Gasteizko jaietan familia jarduera egingo da abuztuaren 6an, 11:00etatik aurrera. Prospero Teatrok girotua, egunerokotasunean botatzen ditugun gauza eta objektu birziklatuekin sortutako jolasekin jardun ahal izango dute haur eta gaztetxoek.
–Deialdiak: hainbat deialdi jarriko dira martxan uztailaren 22tik aurrera.
Taulara, formatu txikiko antzerki-lan eta bakarrizketentzako deialdi irekia.
Muina, kultura-jardueraren bat gauzatu nahi duen herritar ororentzat zuzendutako proposamen poltsa.
Egin Leku, musikari hasiberrientzako plaza.
Uda ostean, berriz, hiruhilabeteko maiztasuna izango du programazioak eta urtaroka egingo da aurkezpena. Iraileko bigarren astetik aurrera, beraz, udazkeneko programazioa jarriko da martxan eta diziplina ezberdineko jarduerak ikusteko eta gozatzeko aukera egongo da, euskara elementu eroale bihurtuta: musika eta arte biziak, familia jarduerak, zinema eta ikus-entzunezkoak, deialdiak eta hezkuntzari eta ezagutzari lotutako orotariko ekimenak egingo dira.
Izan ere, Izaskun Arrue Kulturgunea Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaioko da. Eta kulturaekipamendu bat izatetik harago, Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean. Ildo horretatik, kultura-proiektu integrala izateko asmoarekin sortuko da, euskaratik eta euskaraz. Eta kulturaren kate osoa lantzea izango du helburu: sormena, ekoizpena, taularatzea edo erakustea, komunikazioa eta audientziak. Eta hiriko dinamika suspertuz, modu honetan, Gasteizek euskararen erabilera normalizatzeko espazio berria izango du topagune, euskararen, euskal kulturaren eta aisialdiaren bidez.
Horren haritik, egitasmoaren nortasuna adieraziko duen kontzeptu-marka bat emateko asmoz, IAK – Izaskun Arrue Kulturgunea marka sortu da. Ugari izan dira urteetako ibilbide honetan egitasmo honek jaso dituen izenabizenak: Gasteizko Kafe Antzokia; Gasteiz Antzokia; Euskararen Etxea; bien arteko batuketak, Gasteiz Antzokia-Euskararen Etxea… Baina ez dute behar bezala adierazten martxan jarriko den egitasmoaren izatea, ez baita antzoki soila izango, ezta euskararen etxea bakarrik ere.
Aldi berean, markaren balioak irudikatuko dituzten irudiak, logotipoa, koloreak, estiloa eta osagarriak osatu dira egitasmoa behar bezala identifikatzeko. Logoa osatzeko, esaterako, siglak erabili dira, eta Ruiz de Bergara jauregi birgaituak dituen ertz, ezkina eta elementu geometrikoak hartu dira oinarrian: harrizko arkuak, angeluak eta ertzak, egurrezko zutabeak, besteak beste. Koloreei dagokienean, berriz, eraikinean kokatu diren elementuei egin zaie keinu, horixka, grisa eta zuri-beltza oinarri hartuta. Kolore eta forma hauekin jolastuta poltsak eta botilak jarriko dira salgai (oraingoz kulturgunean bakarrik egongo dira salgai). Aitzitik, egitasmoaren eta markaren gizarteratze egokia bideratzeko iak.eus webgunea osatu da eta sare sozialak jarriko dira martxan, uztailaren 10etik aurrera gutxinaka aktibatuko eta dinamizatuko direnak.
Luze joan dira bi urte hauek. Baina bidea egiten hastea besterik ez da falta! Uztailaren 18tik aurrera, Gasteizek, gasteiztarrek eta “euskal kulturak badu, non eta nola”: IAK – Izaskun Arrue Kulturgunea.