Lazarraga Kultur Elkarteak uztailaren 18an bere ateak ireki zituenetik, gutxinaka jarri du martxan bere ibilbidea. Horren adierazle dira, ikasturte berriarekin batera irailean abiatu zuen kultura-egitaraua edo Izaskun Arrue Kulturguneko tabernaren esleipena bideratzeko lehiaketa, besteak beste. Lehiaketa honen bidez, kulturgunean ostalaritza zerbitzua kudeatzeko arduraduna bilatu nahi izan da. Zerbitzu honek proiektu osoaren dinamikan egoki txertatzea izango du helburu nagusietako bat.
Irailaren 11tik tabernaren lizitazio-prozesuak iraun duen hiru asteetan, hainbat interesdun izan dira –guztira, lau– espazioa ezagutzera etorri direnak eta tabernaren inguruko informazio xehatuagoa eskatu dutenak. Horietatik bat izan da, halaber, tabernaren zerbitzua ustiatzeko proposamena aurkeztu duena: Asier Gereta.
Lazarraga Kultur Elkarteko talde eragileak, hainbat aholkulariren laguntzarekin, Asier Geretaren proposamena baloratu du eta bere aldeko ebazpena eman du tabernaren kudeaketaren lehenbailehen has dadin. Izan ere, lizitazio-lehiaketan eskatutako baldintzak betetzen ditu eta zerbitzua euskaraz emango duela bermatzen du, Izaskun Arrue Kulturgunearen proiektuaren irizpideekin lerrokatuta lanean hasteko.
Asier Gereta gasteiztarra da eta jatetxe-arloko zerbitzuen zuzendaritza eta sukaldaritza eta gastronomia zuzendaritza ikasketak ditu. Lan esperientziari dagokionean, jangelan eta sukaldari gisa aritu da Gasteizko eta Arabako zeinbait ostatutan, baita Europako hotel ezberdinetan ere. 2024ko udan, esaterako, Guardiako igerilekuetako taberna kudeatu du.
Espazioari dagokionean, berriz, Ruiz de Bergaratarren jauregia zaharberritu ondoren, eraikinak hiru solairutan banatutako erabilera anitzeko aretoak eta eremuak ditu, bai barne antolaketarako, eta baita erabilera publikorako. Erabilera publikoa izango duen eremu horietako bat da ostalaritza zerbitzurako diseinatuta dagoena, eraikinean beheko solairuan kokatuta. Zapatari kaletik izango du sarbide zuzena. 45 metro karratuko espazioa da, hiru zati nagusitan banatuta: tabernaren espazioa, sukaldea eta biltegia. Tabernak, bestalde, 35 lagunentzako edukiera izango du.
Irekitze ordutegiei lotuta, modu orokorrean, taberna asteartetik igandera arratsaldez irekita egongo da eta goizetan berriz, ostegunetik igandera. Bestalde, arte bizietako jarduerak daudenean, ikuskizunek iraun bitartean, taberna zabalduko da kulturgunera gerturatzen diren erabiltzaileentzat, Zapatari kaleko sarrera itxita mantenduz, IAK bezalako aretoetan jokatu ohi den moduan.
Momentu honetan, Lazarraga Kultur Elkartea eta tabernaren kudeatzailea izango den Asier Gereta bi aldeen arteko kontratua prestatzen ari dira, eta kontratu honek tabernaren funtzionamendu orokorrak zehaztuko ditu. Besteak beste, tabernaren alokairuagatik ordaindu beharreko hilabeteko 760 euroko kanona, ordutegiak, betebeharrak eta bermatu beharreko baldintzak.
Halaber, taberna irekitzeko beharrezkoak diren izapideak bideratzen ari dira eta falta diren zehaztapenak lotutakoan, taberna irekitzea aurreikusten da, ahal dela, 2024. urtea amaitu baino lehen. Honen berri denboraz jakinaraziko da.
