Hasi da ikasturte berria, eta urtero bezala, asmo onez eta gogo biziz ekingo diote lanari, hemen eta han, Gasteizen nahiz Araban, euskararen biziberritzea amets duten euskaltzaleek.
Euskaltegietako irakasleak prest dira jada, irakaskuntza araututakoak martxan hasiak eta hiriko hainbat elkartetako langileek, zein boluntarioek, heldu diote dagoeneko langintza ezberdinei: mintzalaguna, aisialdiko programak, lan munduko trebakuntzak, kultura jarduerak…
Horien guztien artean, udako oporren aurretik eta irailean goiz, Lazarraga Kultur Elkarteko langileak ere badaude, hiriak nahi eta behar duen kulturgune euskaltzalea hezur eta mamiz hornitzeko ahaleginetan murgilduta.
Uztailean zabaldu zituen ateak lehen aldiz Izaskun Arrue Kulturguneak (IAK), eta bertan ikusi eta gozatu ahal izan genituen sortzaile arabarren hainbat lan, hori izango baita IAKren eginkizun garrantzitsuenetako bat: herrialdean euskaraz sortutako lanen erakusleiho izatea, sortzaile arabarren abaro bilakatzea..
Baina erakusteaz gain, sorkuntza bera ere sustatzeko asmotan hainbat deialdi eta lehiaketa jarri dituzte abian; espero, hasi berri den ikasturte honek uzta ona ematea negua amaitzerako.
Horrez gain, eta jakinminak jota, kulturgunearen agendan kuxkuxeatzen baduzue, ikusiko duzue urtea amaitu bitartean, izango dela zer ikasi eta hausnartu: ikastaroak, eskolak, tailerrak, bekak, hitzaldiak, programak, eta abar luze bat. Izan ere, euskaltzaleok eraginkorrak izan nahi badugu, ondo jantzi beharra daukagu eta horretarako IAKn izango dugu non eta nola, aitzakia bete gunea.
Beraz, euskaraz egindako kulturaren sustapena ardatz duen, eta herrialdearen euskararen biziberritzean eragin nahi duen proiektu euskaltzalea, traba guztien gainetik, eta atzerapen guztien azpitik, martxan da azkenean, gasteiztar guztien zorionerako.
Ondorioz, eta kultura gizakiak bere ingurunea ulertzeko, elkarrekin errespetuz bizitzeko eta balio eraldatzailez betetzeko jarduna bada, Errementari kaleko kulturgune euskaltzale berria izan dadila horretarako magala, eta babeslekua. Bertan, Gasteizen eta Araban amets hori dugunok, sortu, erakutsi, ikasi, hausnartu, hazi eta bizi dezagula euskaraz, eta zabal dezagula lau haizetara grina askatzaile hori txoko guztietara hel dadin, eta norbanako ugari kutsa ditzan.
Hasi da garai berri bat, badugu non eta nola, izan gaitezen nor eta asma dezagun nora.
Gasteizko Alde Zaharreko magal batean, jauregi zahar batek zabaldu ditu ate berriak; gazte nahiz zahar, heldu zein ume, badugu nola bizi euskaraz, probestu dezagun aukera, eta goza dezagun, beraz.
Iñaki Lazkano Lizundia