Skip to main content

Gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu da “Kanthoria eta Auto-tunea” erakusketa, jadanik IAK Kulturgunean ikusgai dagoena. Musika Bulegoak eta IAK Kulturguneak bultzatua, erakusketak euskarazko musikaren bilakaeran zehar ibilbide bat proposatzen du, ahozko tradizioan bildutako lehen kantuetatik hasita, musika sortzeko egungo forma hibrido eta digitaletaraino.

Xabier Erkizia ikertzaile eta soinu sortzaileak komisariatutako erakusketa Musika Bulegoaren 10.urteurrena ospatzen duten jardueren artean kokatzen da, 2015etik euskal musika sustatu, ikusarazi eta profesionalizatzeko lanean ibili den elkartea, euskarazko ekoizpenari arreta berezi eskainiz.

Aurkezpenean, Ruth Manzano, Musika Bulegoko komunikazio-arduradunak, honako hau nabarmendu du:
“Erakusketa honek kalera atera nahi du Musika Bulegotik egiten egon garen lana, herritarrak euskarazko musikaren historia eta aniztasunera hurbilduz. Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gure hamargarren urteurrena proposamen ireki batekin ospatzea, gure musika-eszenaren iraganera begiratzera gonbidatzen gaituena, baita ere etorkizunera ere”.

Zortzi ardatz tematikotan egituratutako ibilbidea
Zortzi panelek osatzen dute erakusketa, orden kronologikoan zeharkatuz euskarazko musikaren une giltzarriak eta hauek Euskal Herrian izan duten hedapena:

  1. Arkeologia: erregistro idatzietatik hasi eta lehen soinu-erregistroetara arte.
  2. Ahozkotasunetik: abestien transmisio-bide anitzak.
  3. Alfabetatzea: euskarazko abestiak gizarte-errealitatera izan duen egokitzea.
  4. Eklosioa: euskarak pop eta rock estilo berriei egindako ekarpena eta profesionalizazioa.
  5. Komunikabideak: musika-industria berri baterako sareen sortzea.
  6. Diskoetxeak: zigilu klasikoen finkatzetik autoprodukziora.
  7. Hibridoak: entzuleen dibertsifikazioa eta musika-hizkuntzak.
  8. Makroa: masifikazioaren erronkak.

Dokumentuen, audioen eta ikus-entzunezko materialen bidez, euskarazko musikaren bilakaeraren irakurketa zabala proposatzen du erakusketak; nortasunaren, industriaren eta esperimentazioaren arteko etengabeko eraldaketarako espazio gisa ulertuz.

Jon Bagüés musikologo eta erakusketaren sorkuntza prozesuaren parte-hartzailearen hitzetan, “erakusketak euskarazko musikaren bilakaeraren errepasoa eskaini nahi die herritarrei, euskarazko musika taldeen lehen erregistroetatik azken korronte eta arazoetara arte”.

IAKren lurraldeari eta programazioari lotutako erakusketa
Raul Urkiza IAK Kulturguneko programazio arduradunak adierazi duenez, “erakusketak euskaraz sortutako musikaren historia errepasatzen du. Hau IAK-ren helburu eta aretoaren programazioarekin eskutik doa, horregatik pozik gaude hemen edukitzeaz “.

Jarduera osagarrien programa
Erakusketarekin batera, jendeari irekitako jarduera-programa bat dago:
Apirilak 16
•19:00 – Ateak irekitzea
•20:30 – Galderren Kontzertua (Sarrerak erosi)
Apirilak 24
•19:00 – Xabier Erkiziarekin bisita gidatua (izen-ematea beharrezkoa)
•19:30 – Iaiaia Irrintzi Performance-a
Maiatzak 6
•19:00 – Mahai-ingurua: “Zer leku du konpromiso politikoak euskal musikan?”
o Gidaria: Jon Basaguren
o Hizlariak: Birkite Alonso, Josu Zabala eta Sara Alonso
o Hizkuntza: Euskara
Esposizioaren datuak
•Erakusketa: Kanthoria eta Auto-tunea
•Lekua: IAK Kulturgunea
•Jardueren datak: 2026ko apirila-maiatza
•Komisarioa: Xabier Erkizia
•Antolatzaileak: Musika Bulegoa eta IAK Kulturgunea
•Babesleak: Eusko Jaurlaritza eta Orona Fundazioa
•Laguntzaileak: Juan Celaya Fundazioa, Lazarraga elkartea / Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz
•Sarrera: jardueraren arabera (kontzertua ordainpekoa eta gainerako jarduerak doakoak, kasu batzuetan izena emanda)

Erakusketa Musika Bulegoaren hamargarren urteurrena ospatzeko programaren parte da. Elkarteak euskarazko musika etengabe aldatzen ari den kultura-ondare gisa zabaltzeko, aztertzeko eta balioesteko konpromisoa indartzen du.

Logotipo de IAK Izaskun Arrue Kulturgunea
Pribatutasuna

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu kontsumitzaileari ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko asmoz. Cookie informazioa zure bilatzailean gordetzen da funtzio zehatz batzuk betetzeko, hala nola, gure webgunera itzultzean zu ezagutaraztea eta zuretzat gure webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak identifikatzeko.