Orain dela hilabete batzuk Izaskun Arrue Kulturgunea ireki zenetik, diziplina ezberdinetako jarduerak antolatu ditu Lazarraga Kultur Elkarteak bertan. Martxoan zehar, hala ere, Xanti Arrieta artistaren lanaren erakusleiho bihurtuko da: “Gernikak. Begiradak” erakusketa polifonikoa izango da kulturguneak jasoko duen lehenengo erakusketa.
“Gernikak. Begiradak” erakusketa martxoaren 4tik 27ra bitartean egongo da ikusgai Izaskun Arrue Kulturguneko begiratokian. Erakusketa honetan Picassoren obratik abiatuta gerren zentzugabekeriaz egindako hausnarketa aurkezten du Xanti Arrieta artista bergararrak, modu intimoan. Ibilbide luzea du atzean. Eta begirada sakona islatu nahi izan du erakusketan. Horretarako artistak teknika eta material desberdinak —eskultura, pintura, argazkigintza, zeramika, esmaltea, zura…— erabili ditu. Egitasmo honetan, artistak Txema Ramirez de la Piscina EHUkok komunikazio irakasle ohi, idazle eta ikerlaria izan du konplize eta bidelagun.
Era berean, erakusketa honek ezinegonetik sortutako begirada bat islatzen du. Gernikan 1937an izandako bonbardaketatik gaur arte gizakiak zein gutxi ikasi duen ikusarazten duen oihu erdiragarria. Izan ere, ezagutzen den Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude: gehienak askoz ere bortitzagoak, askoz ere odoltsuagoak. Laztura. Izua. Heriotza. Basakeriaren oihartzun bipila helarazten duten toki-izenak dira: Malaga-Almeria, Tokio, Hiroshima, Dresde, Varsovia, Gaza… Ezezagunagoak, beharbada. Urrutikoegiak, agian.
Halaber, Arrieta artistak egiten duen proposamen artistikoa kolektiboa, polifonikoa eta poliedrikoa da aldi berean. “Gernikak. Begiradak” erakusketak Picassoren obra unibertsala zatikatu, berrinterpretatu eta oraingo testuinguruan kokatu du, orduko lekukotasunak berreskuratuz eta oraingo euskal kulturan erreferentziazkoak diren hamar kulturgileen gogoetak eta begiradak jasoz: Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus bertsolariak, Kirmen Uribe eta Castillo Suarez idazleak, Eñaut Elorrieta kantugilea, Patxi Ibarzabal hezitzailea, Maite Aristegi nekazaria eta Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina kazetariak.
Bestalde, erakusketaz gain Izaskun Arrue Kulturgunean martxoan zehar hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte Lazarragako lantaldeak:
- Martxoak 4: irekiera ekitaldia Izaskun Arrue Kulturgunean arratsaldeko 7etatik aurrera
- Parte-hartzaileak: Xanti Arrieta, Maite Aristegi, Eñaut Elorrieta, Onintza Enbeita, Gasteiz Kantuz abesbatza, Kirmen Uribe eta Txema Ramirez de la Piscina.
- Martxoak 6, 13, 20 eta 27: erakusketa gertutik ezagutzeko bisita gidatuak
- Bisitaren gidaria: Txema Ramirez de la Piscina
- Martxoak 6: “Gernikatik Gasteizera. Biktimen lekukotza oroimen kolektiboaren eraikuntzan” mahai-ingurua
- Parte-hartzaileak: Patxi Ibarzabal, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko ordezkaria eta Nerea Martinez, Martxoak 3 elkarteko ordezkariak parte hartuko dute Itziar Azpeitiak EITBko kazetariak gidatutako mahai-inguru honetan.
- Martxoak 11: “M-11. Gerra eta herra desinformazioaren garaian” mahai-ingurua
- Martxoak 19: “Gernikak. Begiradak eta bertsoak” bertso-saio literarioa
- Bertsolariak: Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Castillo Suarez
Jarduera hauetan parte hartzeko, gonbidapenak eta sarrerak eskuratzeko aukera dagoeneko eskuragarri dago iak.eus webgunean.
Gasteizen ez du amaitzen, ordea, erakusketa honek bere ibilbidea. Izan ere, apirilaren 1etik 27ra Altsasuko Iortia aretoan egongo da ikusgai, eta urriaren 3tik 24ra, berriz, Gernikako Astra espazioan.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete egitasmo honetan bidelagun izan dituen eragile ezberdinei: proiektuaren babeslea den VitalFundazioari, laguntzailea den Laboral Kutxari, eta baita hedabide laguntzaileei ere egindako zabalpenagatik: ALEA, Berria, Eitb – Radio Vitoria eta DNA.
Erakusketaren ordutegia:
· Ostiral, larunbat eta igandetan: 18:00-20:00
· Sarrera doan
