Zure unibertso begetala
Etxe barruko botanika zikloaren hirugarren saioa izango da Zure unibertso begetala sortzera bideratuta egongo den tailerra. Urriak 18, ostirala, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara kristalezko bote baten barruan zure izakien unibertso propioa sortu ahalko duzu. 4-7 arteko umeek hartu ahalko dute parte eta senide edo arduradun batekin batera burutuko dute tailerra.
Saio honetan naturako elementu desberdinak baliatuz, kristalezko ontzi baten barruan ekosistema txiki bat sortuko dugu. Horretarako, goroldioa, likenak, egur zatitxoak… erabiliko ditugu eta ekosistema honen hazkuntzaren testigu izango gara. Prozesu honi jarraipena emateko, koadernotxo izango du familia bakoitzak. Modu honetan, idatziz eta marrazkien bidez, garapenaren nondik norakoak gordeta geratuko dira.
Etxe barruko botanika tailerra
Etxe barruko botanika tailerrak familia giroan euskararen erabilera sustatzeko guneak eskaintzea dute helburu. Udazkeneko ziklo honetan familiartean parte hartzeko Etxe barruko botanika tailerrak eskainiko ditugu urriko lau ostiraletan, urriak 4, 11, 18 eta 25ean, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara. Saio bakoitza lorezaintzaren alderdi bati zuzendua egongo denez gero, saio guztietan izena eman edo saioetan banaka izena emateko aukera egongo da.
Aiora Urbieta (Zestoa, 1990)
Aiora Urbieta lorezaintza eta etxeko burujabetzari lotutako lantegietan aditua denak urtaro bakoitzeko landare eta barazkiak zein lekuan lekuko haziak lantzen ditu. Etxe barruko botanika tailerretan ume eta familiei jolasaren eta eskulanen bidez etxe barruko landareen zaintzan lehen hastapenak emateko aukera emango die. Saioz saio, bere laguntzaz eginiko haziegiak, lorontziak, koadernoak eta lorezaintzako tresnen bilduma pertsonala handitu ahalko dugu.
Materiala
Ez ahaztu zikintzeko aproposa den arropa ekartzea!
