Zilibito Records (Oiartzun, 2022) taldeko sei gazteak koxkortzen hasi dira. Gaztea Irratiaren “Maketa Lehiaketa” irabazi zuten 2023an. Hamaika kantuko lehen disko digitala (Hastapenak) 2023an argitaratu zuten, handik gutxira EP bat, eta orain disko fisiko osoa kaleratu dute: “Deabruen Doinuak”. Autotunea erabiltzen dute gustuko duten trap edo hiper-pop abestiak lantzeko, eta askotarikoak dira musika oinarriak horren gainean abesteko, batez ere popa, reggaetona, elektrolatinoa, brasildar funka eta pasarte elektronikoak. “Deabruen Doinuak” diskoak hamairu abesti ditu, eta hainbat laguntzaile ekarri dizkiote diskoari, besteak beste musikari hauek: Malakias, Mr. Luken, Rally48, XSakara, Etxepe eta Mutiko.
Euskaraldia | Kulturaldia | Euskaraldiaren helburua hizkuntza portaerak euskarara erakartzea da, eta horri begirako komunikazioa, prestakuntza eta, oro har, pedagogia sozialaren lanketa. Komunikazioa ardatz duen eginkizun horrek herritar euskaltzale askoren aktibazioa eskatzen du. Haiek dira hurbiltasunetik, eta kasu askotan, urteetako lanak ematen dien esperientziatik, haien herrikideengan iristeko eta ilusioa sortarazteko aukera gehien dutenak. Euskaraldiaren dinamika indartzeko helburuz Gasteizen Kulturaldia antolatuko da, Euskaraldiak barne hartzen duen euskarazko kultur-ekimenen eskaintza. Kulturaldia martxotik maiatzera antolatuko da. Auzoz auzo Euskaraldia Batzordeek antolatzen dituzten ekimenak eta Gasteiz mailan eragile desberdinek Euskaraldiaren baitan antolatzen dituztenak uztartu, eta elkarrekin eskaintza kultural anitz bat bultzatzea du helburu, eta bide batez, Euskaraldiaren parte hartzea sustatuko duen lan komunikatiboa egitea.
______________________
______________________

