Orain arte Ruiz de Bergara deitu izan den jauregiak Izaskun Arrue Kulturgunea izenarekin irekiko ditu bere ateak kulturaren eta euskararen balioak sustatzeko eta uztartzeko gune gisa.
Baina, zer da berez Izaskun Arrue Kulturgunea? Gasteiz Antzokia? Euskararen Etxea?
Bada, kalean izen askorekin joan da ezaguna egiten kulturgunea, baina zalantzarik gabe gehien entzun izan den Gasteiz Antzokia izan da lehenengo postua hartu duena. Eta noski, Antzokia Kulturgunearen hankadun nagusienetako bat da. Baina, udalak erabakita, Izaskun Arrue Kulturgunea izena hartu du azkenean, Gasteizko euskarazko lehenengo andereñoari omenaldia eginez. Izenaren nahaste-borraste honetan, Kulturgunearen proiektuak marka sorkuntza baten beharra daukala ikusi da; espazioan batuko diren azpi-proiektu guztiak definituko dituen marka bat, alegia. Ildo horretatik, eta haratago joateko, jaio da IAK marka.
Markaren identitatea eraikitzeko; pertsonak, edo hobeto esanda, komunitatea, proiektu osoaren erdian jarri da. Horrela gauzak, aurrean dugun proiektuaren komunitate kulturzalea, sortzailea eta euskaltzalea markarekin identifikatuta sentitzeko lanetan murgildurik eraiki da IAKren identitate osoa. Kultura eta euskara modu guztietan sustatzeko konpromisoa dauka, eta komunitatea konektatzeko eta aberasteko modu berriak bilatzen ditu etengabe. Kulturgune ausarta, bateratzailea eta berritzailea da, egungo gizartearen beharretara egokitzeko prest dagoena.
IAK, Kultura-proiektu integrala izateko bokazioa du, kulturaren kate osoa (sormena, ekoizpena, taularatzea/erakustea, komunikazioa…) landu, eta Gasteizko kultura-dinamika suspertzeko gogoa, euskaratik eta euskaraz.
Hasieratik bi hankadun proiektu bezala definitu dena, Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea, lehen oinarria zutik du 2014ko urriaz geroztik Montehermoso jauregian: Oihaneder Euskararen Etxea. 2022ko ekainan OEEk ateak itxita, orain, IAK-k, Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzen duen proiektu euskaltzalea, kulturzalea eta berritzailea da.
Euskararen Etxea 2014ko urriaren 15ean inauguratu zen zehazki, eta beldurrik gabe esan daiteke dagoeneko Gasteizko eta Euskal Herriko euskaltzale eta kulturzaleentzat erreferente bilakatu dela. Bide horren jarraipenean hasten da IAKren ibilbidea, hurrengo urteetan Gasteizko euskal kulturgune erreferente berri bilakatzeko asmoz.